Musika Astearen gaineko informazioa gaztelaniaz dagoela salatu nahi dugu

Bilduko zinegotziok, Bakio.orgen Musika Astearen inguruan argitaratutako informazioa gaztelaniaz bakarrik argitaratu izana salatu nahi dugu.

1998ko uztailaren 30eko osoko bilkuran, Bakioko udalerrian euskeraren erabilpena araupetuko dauan udal ordenantza, onartu zen. Ordenantza hau indargabetu edo aldarazo arte indarrean izango dela definitzen da “xedapen indargabetzailea” izeneko atalean. Ordenantza aztertuz gero, xedapen orokorreko artikulu desberdinek hauxe diote:

2. artikulua

Euskerea eta gaztelania, biak ofizialak badira be, benetako bardintasunetik asao dagoz hainbat eta hainbat urtean euskereak jasan dauan baztertze-prozesuaren ondorioz. Horregaitik, eta bietan txikienaren normalizazinoa lortzeko asmoagaz, Bakioko Udalak lehentasuna emongo deutso euskereari eta bereiz tratatuko dau.

3. artikulua

Bakioko Udalak eta beraren erakundeek euskerea erabiliko dabe euren barne jardueran eta herritarrakaz eta ganerako erakundeakaz daukezan hartuemonetan, hain zuzen be ordenantza honetan xedatutakoari lotuz.

4. artikulua

Euskal Herriko herritar guztiek dauke euskerea eta gaztelania ezagutzeko eta ahoz zein idatziz erabilteko eskubidea. Ondorioz, Bakioko Udalak, indarrean dagoan legeria oinarritzat hartuta, jarraian azalduko diran hizkuntza eskubideak aintzatetsi deutsez herritarrei:

a) Udalagaz eta haren menpeko erakundeakaz hartuemonak, ahoz zein idatziz, euskeraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea.
b) Udalak antolatzen edo kudeatzen dauan irakaskuntzea euskeraz jasoteko eskubidea.
c) Udalaren agerkariak eta harek egunkarietan, aldizkarietan, irratian eta bestelako hedabideetan plazaratzen dauzan jakinarazpen edo xedapen guztiak euskeraz jasoteko eskubidea.
d) Udalaren batzarretan euskeraz jarduteko eskubidea.

Musika astea dala eta argitaratutako informazioaren %90a gaztelaniaz baino ez da kaleratu. 10 orritatik, bakarra dago euskera hutsean.

Euskeraren egoera larria da Euskal Herrian baina baita Bakion ere. Nahiz eta hiztun gehiago izan, erabilera asko jeitsi da  azken urteotan gure herriko kaleetan. Honen aurrean Bildu osotzen dugun herritarrok argi dugu,  udala eredu izan behar dela euskeraren normalizazioan. Euskeraren erabileraren aldeko politika sendoak diseinatzeaz gain erabilera indartzeko tresna desberdinak diseinatu behar dira,  daukagun arazoari konponbide integrala emateko.

Bildu udal taldea osotzen dugunok, argitaratutako informazioa ahalik eta arinen euskeratzeko eskatu nahi diogu udal gobenuari. Alde batetik, euskeraren erabilera arautzen duen eta indarrean dagoen ordenantza ez betetzeagatik eta beste alde batetik euskararen normalizazioan atzerapauso bat delako.

Tags: